IBARRATIK MISIO TALDEA
San Bartolome, 3- 1. solairua
20400 Ibarra
Tel. 676623990
ibarratik@hotmail.com

Proiektuak

Santa Rosa. El Oro eskualdea

Santa Rosa hiria El Oro eskualdean dago, Ekuadorreko hego-mendebaldean. 1617an sortua, Limako Santa Rosa izena hartu zuen. 1927an alubioi baten ondorioz desagertzear egon zen. 1997an, beste alubioi batek eraso egin zion eta suntsituta utzi zuen. Hirigunetik kanpo auzo asko daude eta bertan behar handia dago. Urtero ibaiaren hazkundeak bete-betean jotzen du hiria, eta immigrazioa, pobrezia eta gizarte bazterketa ohiko arazoak dira.

Ordutik, proiektu ugari bultzatu dira zonalde horretan, batzuk oso handiak, beste batzuk, xumeagoak, baina denak garrantzitsuak eta behar-beharrezkoak:

Baserri-eskola komunitarioa (1996)
Baserri-eskola komunitarioa Santa Rosan egin ditugun hasierako proiektuen artean dago. Etxaldearen lanez arduratzen ziren lau familientzako aterpetxeak eraiki ziren. Egun familia bakarrak parte hartzen du proiektuan, baina beste aterpeak formakuntza gela bihurtu dituzte. Horietan nekazaritza, abeltzaintza, zurgintza eta nekazaritza ekologiko arloei buruzko trebakuntza ikastaroak ematen dituzte.

Arreta medikoaren eta botikinen hobekuntza
Osasungintza eskualde horretarako proiektuen lehentasuna izan da. Urteotan 10 botikin-gune egokitu dira eta beste bost eraiki dira urrun dauden komunitate pobreetan. Horri esker, komunitate horiek ohiko gaixotasunak tratatzeko oinarrizko sendagaiak dituzte. Santa Rosako 15 auzune dira proiektu horren onuradunak, baina oraindik behar handiak daude asetzeko.

Odontologia zentroa (2005)
2005ean, kantoiko Zentro Komunitarioan odontologia zentroa eratzeko proiektua abian jarri zen. Beharrezkoak ziren ekipoak erosi eta beheko solairuan jartzeaz gain, aldi berean, lehengo kontsultak hobetzeko lanak egin ziren eta, ondorioz, eraikina momentuko beharrak asetzeko moduan utzi zuten. Goiko solairuan pediatria eta obstetrizia kontsultak jarri zituzten, baita Errehabilitazio Fisikoko Unitatea eta Giza Eskubideen bulegoa ere. Osasun-zentro horrek Santa Rosako landagune eta hirigune pobreetako 12.000 pertsonari ematen dio arreta. Bere helburua da populazioaren hortzetako osasuna hobetzea, eta, ondorioz, bihotz-gaitzak, hala nola, endokarditis bakterianoa, murriztea, kariesek sortzen baitu gaixotasun hori.

Bloke lantegi komunitarioa
Osasunez gain, lan-zentroak eta formakuntza eskaintzea gure taldearen lehentasunak dira. Ildo horretan, bloke lantegia komunitarioa bultzatu genuen. Bi familia arduratzen dira negozioaz, eta horiek bizilagunak hornitzen dituzte beren etxebizitzak, tailerrak eta ikastetxeak eraikitzeko behar dituzten porlanezko blokeez.

Aroztegia (2003-2004)
Bloke lantegiko batzordeak eta langileek bultzatu zuten, Santa Rosan ere, zurgindegi komunitarioa. Hasiera batean, 500 metro koadro egokitu ziren Las Palmeras gotorlekuan. Makinak, erramintak eta lehengaiak gordetzeko eta altzairuak eta beste produktu batzuk muntatzeko erabili zuten. Zerbitzuak itzelezko arrakasta lortu zuen eta handik urte batzuetara txiki gelditu zen.

Aroztegia eta ebanisteria tailerra
Duela urte batzuk zerratoki berria eraiki zen eta bertako gazteak formatzeko zurgindegia eta ebanisteria tailer-eskola sortu zuten. Proiektu horrekin, Santa Rosako komunitateek ikasketarik gabe eta langabezian dauden gazteen formakuntza ikastaroak sustatu nahi dute. Horrela, enplegua errazago lor dezakete edo berez kabuz sortu. Horrekin lortzen da batzuk emigratu behar ez izatea, eta horrek familiarentzat zein gizartearentzat sortzen duen galera ebitatzen da. Tailerra Santa rosaren hedapenaren ingurunean dago eta 15.000 pertsonari ekartzen dio onura.

Hileta-zerbitzua
Zerratokia eta zurgindegia eraiki zituztenetik, zonaldeko bizilagunentzako hilkutxak prestatu eta merkaturatzen dituzte. Emaitza onak izaten ari da.

Baratze komunitarioak
Baratze komunitarioak arrakasta handia izaten ari dira Santa Rosan. Horiei esker, familia ugarik lurzoru txiki bat eduki dezake etxeko kontsumorako barazkiak landatzeko.

Edertasun zentroa
Duela urte batzuk, Santa rosako bi emakumeren ekimenari esker, edertasun zentro bat zabaldu zen komunitatearen egoitza txiki batean. Formakuntza jaso ondoren, bezeroak zain izaten dituzte egunero haien ileapaindegiko atarian.

“Familia Solidarioa” aurrezki eta mailegu kooperatiba
2002ko irailean, hamabosteroko bilerak izaten hasi ziren emigratzaileen senitartekoekin. Urte hartako azaroan, partaideek adostu zuten ekarpenak egitea funtsa solidario bat eratzeko asmoz. Diru horrekin momentuko beharren bat duten familiei, hala nola, gaixotasun baten ondorioz edo hezkuntza arloko gastu bereziren baten ondorioz, maileguak ematea adostu zuten. Funtsa solidarioa gero eta handiago bihurtu zenez, egitura sendoagoa ematea erabaki zuten eta 2003ko urrian Familia Solidaria Aurrezki eta Mailegu Kutxa. Denbora laburrean, bazkideak areagotu ziren eta ekonomia ahalmena ere handiagoa zen. 2005ean, esaterako, 500 bazkide zituen. Erakundeak, baina, ez zeukan behar bezalako egitura juridikorik eta horrek segurtasunik eza sortu zuen aurreztaileen artean, maileguak itzultzen ez zituztenak gero eta gehiago zirelako. Sortzaileek, beraz, beren egoera legezko bihurtzea erabaki zuten eta kooperatiba sortu zuten, edozein arazoa zela medio legezko tresnak erabili ahal izateko. Hala, 2008ko otsailaren 14an, “Familia Solidarioa Aurrezki eta Mailegu Kooperativa” sortu zuten. Horren helburuak honakoak dira:
  • Familien eta komunitatearen ekonomiaren garapena bultzatu eta orientatzea. Horretarako, aurrezteko ohitura sustatzen da pertsonaren ongizate orokorraren aldekoa baita.
  • Kooperatibaren antolakuntza sendotzea zuzenbidezko entitate gisa funtziona dezan.
  • Aurrezteak dituen onurak herritarren artean zabaldu eta ohitura hori bazkideen eta bezeroen artean indartu.

© 2010 Ibarratik Misio Taldea