IBARRATIK MISIO TALDEA
San Bartolome, 3- 1. solairua
20400 Ibarra
Tel. 676623990
ibarratik@hotmail.com

Proiektuak

Baba. Los Ríos eskualdea

Baba Los Ríos eskualdeko kantoia da, 510 kilometro koadroko azalera du eta klima tropikala. Inguruko lurzorua oso egokia da bananoa, kafea, yuka, arroza, kakaoa, kotoia, zitrikoak eta ganadurako bazka landatzeko. Egokia bada ere, teknologia eta ongarriak beharrezkoak dira ekoizpena hobetzeko. Baso autoktonoak, gainera, oso urriak dira, eta horren ondorioz, bertako fauna eta flora apurka-apurka galtzen ari da eta, hortaz, uraren jarioa ere murriztu da.

Babak 34.300 biztanle ditu, horietatik %89 landa-guneetan bizi dira. Azken urteotan, enplegu falta dela eta, askok migrazioan ikusi dute beren eta senitartekoen bizi-baldintzak hobetzeko aukera. Kantoian pobrezia da nagusi (%91,5), analfabetismo tasa %17,7koa da eta haurren desnutrizio tasa %36koa. Arroza, platanoa, yuka eta irina dira familia gehienen dietaren oinarriak. Okela, ostera, oso gutxi kontsumitzen dute. Edateko urik ez dago, eta putzuetako edo erreketako ura edaten dute. Hala ere, ez da nahikoa Babako biztanle guztien beharrak asetzeko.

Ibarratik erakundeak honako proiektuak bultzatu ditugu azken urteotan:

Etxalde-abeletxe komunitarioa
Baban gauzatu genuen lehen ekimena etxalde-abeletxe komunitario bat izan zen, bertako bizilagunek lurzoruak landatzeko aukera izan zitzaten eta uzta onen elikagaiak gorde zitzaten. CEBak, konprometitutako kristau taldeak dira proiektu horren arduradunak. Auzolana egiteaz gain, beste proiektuak ere gauzatzen ari dira kristau talde horiek. Etxaldearen kasuan, lurzorua erosi ostean, zaintzaz arduratzen den familiarentzako aterpe txiki bat eraiki zen. Egun, etxalde horretan metatze-gune bat dago, errota bat, lehortze-gune bat, biltegi bat baita arroza eta kakaoa landatzen diren soro handiak ere.

Putzua
Etxalde horretan egin genuen lanetako bat putzu bat sortzea izan zen. Ordura arte ez zegoen edateko urik eta hori funtsezkoa da baratzak ureztatzeko. Horretarako ez ezik, etxaldetik gertu bizi diren familiak hornitzeko ere balio du putzuak. Maiz, ura lortzeko ibilbide luzeak egin behar izaten dituzte bidoi handiekin.

Arroz sailak
Arroz eta kakao sailak Babako CEB kristau taldeko kideek kudeatzen dituzte. Ereintzaz, zaintzaz eta uzta jasotzeaz antolatu eta koordinatzen dute. Arroza urtean bitan ereiten da, eurite sasoian eta udan. Komunitateen kontsumorako ez ezik, azken urteotan uztaren soberakinak saltzen pentsatzen ari dira. Asmo horrekin, landaketa eta elikagaien kontserbazioa hobetzeko neurriak garatzen ari dira.

Metatze-gunea
Alde batetik, merkaturatzeko guneak sortu genituen pobreak lukurrengandik eta iruzurgileengandik babesteko asmoz, eta, bestetik, komunitateek bertan jarduteko lurzorua erosi genuen. Horren barruan dago metatze-gunea, arroza biltzeko, zabaltzeko eta lehortzeko gunea, hain zuzen. Merkataritza-jarduerak ere izaten dira bertan. 250 familia onuratzen dira proiektu horrekin. Familiek kezka handia izaten dute nekazaritza ekoizpenerakoa erabiltzen diren sargaien prezio altuarengatik. Haziak, adibidez, sargaiak dira. Familia asko bitartekariekin zorpetu egin behar izaten dute sargaiak ordaintzeko. Bitartekariek uzta garaian ezartzen dituzte prezioak eta baldintzak. Horren ondorioz, sargaiak erosten diren momentutik etorkizuneko uzta “bahituta” dago. Arazo horri aurre egiteko sargaiak gordetzeko biltegi txiki bat eraiki dute. Metatze-gune horretan oinarrizko azpiegitura dago: apalak, balantza… Era berean, arrozaren eta kakaoaren ekoizpena hobetzeko eta, uztak saltzeko garaian, negoziazio eta merkaturatze baldintzak hobetzeko familiak trebatu beharra dagoelakoan daude.

Errota
Behin arroza eta kakaoa gordetzeko lekua edukita, arrozari azala kentzeko eta leuntzeko gailu bat erosteko beharra ikusi zuten, gero merkaturatu ahal izateko. Hala, azala kentzeko eta leuntzeko makina, banaketa-mahaia, diesel motorea, igogailuak, iragazkia, arroza sailkatzeko makina, azala kentzeko monitorea (haizegailua barne), bi erauzgailu, zakuak josteko makina eta bestelako osagarriak erosi ziren. Horiek guztiak estalpean eta hormekin itxita. 3.250 familia onuratzen dira errota horrekin, gehienak emakumezkoak, beraiek parte hartzen baitute, gehien bat, komunitatearen bizimoduan. Helburua da arroza metatze-gunean gordetzea da jarduera ahalik eta errentagarrien izan dadin.

Lehorgailua
Errotaren erosketak beste proiektu bat ekarri du: arroza azkarrago lehortzeko gailu bat erosi dugu salmentaren baldintzak hobetzeko asmoz. Gainera, arroz azalak aprobetxatzen dira lehorgailuaren laberako erregai gisa.

Arrozaren salmenta
Errotari eta lehorgailuari esker, Babako arroz ekoizleek marka propioa daukate: Piladora Baba Herri Solidarioa. Horretaz gain, arrozak merkatuan duen prezioa jakiteko batzordea osatu dute, baldintza hobeetan merkaturatu ahal izateko. Salmenta gunean bi pertsona arduratzen dira, bat goizez eta bestea arratsaldez, iristen den arroza pisatzeko. Komunitateko kideek, bestalde, metatze-gunean lan egiteko txandak egiten dituzte.
Elkarlanari esker, komunitateek beren produktua sal dezakete prezio duin batean, pisatzeko garaian iruzurrik izan gabe eta bitartekaririk gabe.

© 2010 Ibarratik Misio Taldea