Skip to main content

Datorren asteazkenean, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta, data berezi hau baliatuz, Zarauzko Udalak urtean zehar Giza Eskubideen sustapenaren baitan bultzatzen dituen ekintza eta ekimenei ikusgarritasuna eman nahi die.

Asteazkenean bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta UNRWA Euskadiren eskutik, ‘Palestina Mapan’ ibilaldi solidarioa gauzatuko da. Ekintza honetan, parte-hartzaileek herrian zehar ibilbide bat egingo dute, geldialdi bakoitzean soinu-istorioek gidatuta. Jarduerak artea, hezkuntza eta teknologia uztartzen ditu hausnarketa kolektiboa, enpatia eta palestinar herriarekin elkartasuna sustatzeko, soinuaren eta ilustrazioaren bidez kultura arteko ulermena bultzatuz.

Doako ekimen honetan parte hartzeko, aurretik izena eman behar da esteka honetan (https://www.tickettailor.com/events/unrwaeduca/1926011).

Bestalde, urtero bezala, GUKA Telebistan saio berezia eskainiko da, Udaleko Lankidetza arlotik 2025. urtean zehar diruz lagundutako proiektuak aurkezteko. Guztira 22 proiektu izan dira mundu guztian zehar sustatu direnak. Telebista saio berezi hau asteazkenean eskainiko da, 21:00etan, GUKA Telebistan. Asteazkenaz gain, ondorengo egunetan ere ikusteko aukera izango da eskualdeko telebista katean. IBARRATIK MISIO TALDEA hor izango gara ere, 2025eko Honduraseko Teguzigalpalo Aldea Sutapa auzoan egiten ari garen proiektuarekin eta Zarauzko Udalari horretan aritzeko eman digun dirulaguntza eskertzeko.

Larrialdiko laguntza humanitarioa

Urtean zehar diruz laguntzen dituen lankidetza proiektuez gain, Zarauzko Udalak munduko leku ezberdinetan dauden gatazka eta sarraskietarako larrialdiko laguntza humanitariorako laguntzak ere eskaintzen ditu behar direnean. Honela, aurten, 45.754 euro bideratu dira laguntza hauen bitartez, honako ekintzetara bideratuak:

-    Salvamento Marítimo Humanitario: 12.000 euro -> Aita Mari erreskate itsasontzia erregaiz hornitzea.
-    Zaporeak: 9.000 euro -> Lesbos uharteko Kara Tepe II errefuxiatu-esparruan ur-edangarriaren banaketa.
-    Convento de Santa Clara fundazioa: 5.754 euro -> Ukrainiara laguntza humanitarioa (elektrizikate-sorgailuak) eramatea. 
-    Saharautz: 9.000 euro -> Sahararen aldeko elikagaien euskal karabanarako elikagaien eta higiene-produktuen erosketa eta horiek garraiatzeko kaxak eta karabanaren berri emateko kartel eta esku-orriak.
-    ACNUR: 10.000 euro -> Hego Sudanera laguntza humanitarioa eramatea.

“Zarauztarrok, urtero, Udal aurrekontuaren %0,7a bideratzen dugu kooperaziora. Tokian proiektuak garatzen dituztenak, irabazi asmorik gabeko erakundeak osatzen dituzten pertsonak dira. Pertsona horiek dira, beren konpromiso pertsonal eta kolektiboarekin, zarauztarron solidaritatea planetako lekurik behartsuenetara iristea ahalbidetzen dutenak”, adierazi du Jesus Arana (EAJ-PNV) Gizarte Politiketako zinegotziak. “Giza-eskubideen egun honetan, pertsona eta erakunde hauen lana balorean jarri nahi da”.